Hainbat elementuren bitartez adierazi dugu erliebea mapetan. Horrela, errazago jabetuko zara lurraren orografiaz.
Erliebea adierazteko sestrakurbak erabili ohi dira. Sestrakurbak kota bereko puntuak tarte zehatzetan lotzen dituzten irudimenlerroak dira. Bestela esanda, lurrazaleko tarte zehatzak plano horizontalekin moztearen ondorioz lorturiko emaitza dira sestrakurbak. Kurba horiek launirudiaren gainetik proiektatu eta lurzatiaren orografia adierazten digute.
Sestrakurbak interpretatzerakoan, ordea, alderantziz jokatu beharko duzu; hau da, erliebea nolakoa den jakin nahi baduzu sestrakurbak dagozkien mailekin lotu beharko dituzu.
Sestrakurben sistemaren bitartez gainerako metodoekin baino informazio gehiago izango duzu. Sistema horri esker, maldei buruzko informazioa izango duzu, baita leku zehatz bateko kota gutxi gorabehera kalkulatzeko aukera ere.
Sestrakurbei buruz ari garenean, ostera, desnibeleko kurbak ere aipatu behar dira. Oso gutxitan ageri diren arren, zenbaitetan oso esanguratsuak dira.
Erliebea sestrakurben bitartez adierazten denean, kontuan izan behar duzu kurba horrek barne hartzen duen zonaldea kurba horretatik kanpo geratzen den zonaldea baino gorago dagoela. Sakonuneak adierazterako sistema bera erabiltzen badugu, ordea, oso zail izango zaigu mapa ondo interpretatzea. Beraz, kasu horietan desnibeleko kurbak erabili ditugu.
Sestrakurbak errazago interpretatzeko, kolorez margotu ditugu bi sestrakurben artean dauden lursailak. Kolore bakoitzak bi koten artean dagoen zonaldea zehazten du. Kolore horiei honela deritze: tinta hipsometrikoak. Horiei esker, erraz identifikatuko dituzu sestrakurbak. Zehaztasunetan ibili barik, berehala antzemango diozu lurzatiaren itxurari.
Edonola ere, sestrakurbak adierazpensistema bat diren arren, ez dira erliebea adierazteko modurik ohikoena. Eskuarki, objektuen itxurak argiek eta itzalek objektu horiengan eragin ohi duten egoeragatik antzematen dira. Horregatik, sestrakurbez eta tinta hipsometrikoez gain, erliebea ilundu egin dugu eragin naturalagoa lortzeko.
Hiru sistema horiei esker, mapa errealistagoa eta erabilgarria lortu dugu.


Irudiak