Mendian ibiltzeko mapabilduma honek bitarteko baliagarria izan nahi du mendizaleentzat, hain zuzen ere, hain gertu ditugun, baina, era berean, hain ezezagun zaizkigun txoko horiek ezagutzen laguntzeko.
Hori dela eta, mendian mapa bat erabiltzen hasteak izan ditzakeen zailtasunez jakitun, eskuekin erraz erabiltzeko bilduma prestatu dugu, baita haizeak gogor jotzen duenean edo euria barrabarra ari duenean ere erabili ahal izateko modukoa. Tamaina txikikoa izanik, ez duzu inolako eragozpenik izango mapok guztiz zabalik dituzula kontsultatu ahal izateko. Nolanahi ere, beren tolesturari esker (sigisaga erakoa) aise egin ahal izango dituzu tokian tokiko kontsultak, osorik zabaldu beharrik gabe. Bukatutakoan, berriz, hauxe besterik ez duzu egin beharko: mapa tolestu eta edozein poltsikotan sartu, une oro eskura izateko.
Mapa hauek plastikozko materialarekin inprimatu dira euriari eta pitzadurei aurre egiteko. Hortaz, ez zara putzuen edo euriaren beldur izan beharko. Noiznahi kontsultatu ahal izango dituzu, tolesturak apurtuko ote diren beldurrik gabe.
Mapetan jasotako argibideak horixe bera izan daitezen saiatu gara, alegia, argitzeko bide. Horretarako, informazio argia eta zehatza jaso dugu ingurunea zuzenean identifika dezazun eta berehala koka zaitezen.
Mapetan irudikaturiko zonaldeak hainbat elementuren bitartez adierazi dira, baina, horien artean garrantzitsuena, ezbairik gabe, erliebea. Horregatik, arreta berezia jarri dugu erliebea errealitatean bezain zehatz adierazteko.
Izan ere, bilduma eroso eta erabilterraz baten aldeko apustu honek ez luke zentzurik izango bertan jasotako informazioa errealitatearekin bat ez baletor. Beraz, helburu hori lortzeko, aurrena iturri anitzetan arakatu dugu, bai agirietan bai bertokoen ahozko informazioan, eta, hurrena, tokian tokiko txokoetara jo dugu mapan jasotako informazioa eta errealitatea bat datozen bertatik bertara egiaztatzeko.
Maparen atzeko aldean aurkibidea duzu. Aurkibidea laukitan banatuta dago eta, lauki horiei esker, berehala kokatu ahal izango dituzu lekurik interesgarrienak. Horrez gain, azterturiko zonaldearen informazioa jasotzen duen gida ere izango duzu eskura.
Legendari esker, berriz, mapan jasotako elementu bakoitza zein ikurren bidez adierazi den ikusi ahal izango duzu.


Irudiak